Baldintza Juridiko eta Ekonomiko-Administratiboen Plegua
SAN AGUSTIN KALEKO 9A ETA 9B ERAIKINAREN BIGARREN SOTOKO 18 APARKALEKU PLAZA IREKI ETA TRASTELEKUAK SALTZEA
ADJUDIKAZIO-PROZEDURA ARAUTUKO DUTEN BALDINTZA JURIDIKO ETA EKONOMIKO-ADMINISTRATIBOEN PLEGUA
1. artikulua.- Pleguaren Helburua.
Mutrikuko Udalbatzak, C-1 “San Agustin” Exekuzio unitateari zegokion birpartzelazio proiektua onartu zenean, erabakia hartu zuen hirigintza eremu horren sustatzaileari aurrez ezarritako prezioan 18 aparkaleku plaza eta 3 trasteleku erostea. Horrela, Mutrikuko Udalak, 2009ko apirilaren 3ko salerosketa bitartez, San Agustin kaleko 9A eta 9B eraikinaren bigarren sotoko 18 aparkaleku plaza ireki eta 3 trasteleku erosi zizkion Andutz SL sustatzaileari.
Mutrikuko Udalak gune horretan dagoen aparkaleku eskasiak sortutako arazoa konpondu nahian, aipatutako aparkaleku-plaza irekiak besterentzea erabaki du, kontuan izanda ezin izango direla inola ere itxi.
Horregatik, baldintza plegu honen helburua da aipatutako eraikinean dauden 18 aparkaleku-plazak eta 3 trastelekuak adjudikatzeko eta saltzeko prozedura arautzea.
Toki Korporazioen Ondasun-Erregelamenduaren arabera, ondare-ondasunen besterentzea enkante publiko bidez egitekoa da, baina, batetik, 18 aparkaleku-plazen eta 3 trastelekuen enkantea egitearen zailtasuna ikusita eta, bestalde, salmentaren helburua kontuan izanda, alegia, guneko ahalik eta herritar gehienei aparkaleku plaza bat ematea eta, beraz, espekulazio-preziorik ez bultzatzea, Mutrikuko Udalak dauden bi aparkaleku motetako bakoitzari salmenta-prezio bana finkatzea erabaki du, eta interesa duten guztien artean zozketa egitea, publizitate irizpidea eta konkurrentzia askatasuna bermatuta.
2. Artikulua.- Kontratuen izaera.
Udalaren eta adjudikaziodunaren arteko Kontratuen Adjudikazioa egin ondoren, salmentako kontratu pribatuen izaera izango dute.
3. artikulua.- Arauak.
1- Baldintza-agiri honen arabera egindako kontratuaren prestakuntza, eskumena eta adjudikazioa honakoen arabera arautuko da:
-
a.- Plegu honetan jasotako klausulak.
-
b.- Urriaren 30eko Sektore Publikoaren Kontratuen 30/2007 Legea, urriaren 12ko 1098/2001 Errege-Dekretuaren aurka ez doazen heinean.
-
c.- Ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretua, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendu Orokorra onartzen duena.
2- Kontratuaren eragina eta bukaera Pleguan bertan eta Kode Zibilaren 1445 artikuluan zein ondorengoetan aurreikusitakoek arautuko dute. Modu osagarrian, administrazio-zuzenbidearen gainontzeko arauak hartuko dira, eta, bestela, zuzenbide pribatuaren arauak.
4. artikulua.- Enkantean parte hartu ahal izateko baldintzak.
1- Enkantean parte hartu ahal izateko baldintzak hurrengoak dira:
-
Kontratatzeko gaitasun osoa duten pertsonak izan litezke lehiatzaile, baldin eta ez badaude Arlo Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legearen 49. artikuluan adierazitako debeku balizkoetan sartuta.
-
Norbere izenean edo baimendutako norbaitek ordezkatuta egin ahal izango dute eskaintza, hartarako emandako ahalordea erabiliz.
-
Adjudikazioa, kontratua eta eskritura publikoa, aurkeztutako proposamenean eskaintzaile gisa adierazitako pertsonekin emango dira.
Gainera, honako baldintzak bete beharko dituzte:
-
a) Herriko zergak eta udal zigorrak ordainduta izatea.
-
b) Azken urtean Mutrikun erroldatuta egotea.
-
c) Mutrikun beste aparkaleku baten jabe ez izatea.
Hala eta guztiz ere, baldintzetakoren bat betetzen ez duten interesatuek eskaria eurkez dezakete, Mutrikuko Udalak aparkalekuren bat edo trastelekuren bat eman gabe utziko balu, aparkaleku edota trasteleku horien esleipenaren hartzaile izan ahal izateko.
5. artikulua.- Aparkaleku-plaza bakoitzaren eta trasteleku bakoitzaren prezioa.
A) Aparkaleku-plaza bakoitzak ezarritako prezioa du, eta bi kategoriatan sailkatzen dira:
-
1 MOTA.- 17 aparkaleku-plaza ireki, baldintza plegu honetan eransten den planoan zenbakituak (1etik 16 arteko zenbakiak eta 18 zenbakia). Horien prezioa 18.700 €-koa da (hamazortzi mila eta zazpiehun euro).
-
2 MOTA.- Aparkaleku-plaza ireki bat, berari lotutako eta bana ezina den trastelekua duena (17 zenbakia eta 3 zenbakiko trastelekua). Prezioa, 22.700,00 € (hogeita bi mila eta zazpiehun euro).
B) Trastelekua: Bi trasteleku itxi, aparkalekuei lotu gabea. Prezioa, 3.000,00 € (hiru mila euro).
Lizitazio prezioan ez daude sartuta esleipen eskritura egingo deneko unean indarrean dauden besterentze honen ondoriozko gastuak, ez eta besterentzetik eratorritako zergak, ez eta notaritza gastuak zein Jabetza erregistroko gastuak ere. Horiek denak, Hirilur izaerako Lurren Balio Gehikuntzagatiko Zerga izan ezik, erosleak ordainduko ditu.
6. artikulua.- Fidantza.
1.- Parte hartzeko, lizitatzaileek 500,00 (bostehun) euroko fidantza ezarri beharko dute KUTXAko 2101 0056 07 0000089326 kontu korrontean.
2.- Adjudikazio-proposamenak egin ondoren, fidantza:
-
a.- Adjudikazio-akordioan sartu ez diren lizitatzaileei itzuli egingo zaie.
-
b.- Adjudikazio-akordioan sartu diren lizitatzaileei atxiki egingo zaie.
-
c.- Adjudikazioaren edo kontratuaren amaiera eragin duten lizitatzaileenak konfiskatutzat emango dira.
7. artikulua.- Lizitaziorako argibideak, proposamenak, dokumentazioa eta aurkezteko epeak.
Kontratazio honi buruzko espedientea, bai eta sotoaren planoak eta finken deskribapenak ere, Mutrikuko Udaletxean aztertu ahal izango dira, 09:00etatik 14:00ak artean, lizitazioaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Proposamenak, aurretik adierazitako toki eta ordutegian aurkeztuko dira 30 eguneko epean, aipatutako iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epea larunbatean, igandean, edo jai–egunean bukatzen bada, proposamenak aurkezteko epea hurrengo lan-egunean bukatuko da, 13:00etan.
Proposamenak azaroaren 30ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazioko Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 38.4 artikuluan adierazitakoarekin bat etorrita ere aurkeztu ahal izango dira; horretarako, aurreko idazatian adierazitako 30 eguneko epea amaitu aurretik jakinarazi beharko da, proposamena fax-ez helaraziz (943603692). Edonola ere, adierazitako egunetik hamar egun naturaleko epean proposamena jaso ez bada, ez da proposamenik onartuko.
Baldintza-plegu honetako laugarren artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituen edonork aurkeztu ahal izango du eskaera, laugarren artikuluaren azken paragrafoan adierazitakoa aintzakotzat hartuta. Pertsona bakoitzak eskari bakarra aurkeztu ahal izango du. Bizikidetza-unitate bakoitzeko aparkaleku bakarra erosi ahal izango da.
Aparkaleku edo trasteleku mota bakoitzerako eskariak osagarriak izango dira, eta eskatzaile bakoitzari aparkaleku edo trasteleku mota bakoitzeko bakarra esleitu ahal izango zaio. Aparkaleku edo trasteleku mota bakoitzerako eskari bakarra onartuko da.
8. artikulua.- Prozedura:
Lehiatzaileek kartazal bat aurkeztu beharko dute, kanpo aldean honako testu hau idatzita: “SAN AGUSTIN KALEKO 9A ETA 9B ERAIKINAREN BIGARREN SOTOKO UDALAREN APARKALEKU PLAZA IREKIETAKO BAT ETA TRASTELEKUETAKO BAT EROSTEKO PROPOSAMENA”.
Kartazalaren barruan honako agiriak sartu beharko dira:
-
a) Udalak emandako eskari inprimakia, behar bezala beteta eta izenpetuta.
-
b) Interesatuak bere izenean badihardu, nortasun-agiria. Beste pertsona fisiko edo juridikoren baten izenean badihardu, ordezkaritza hori egiaztatuko duen notario-ahalordea.
-
c) Fidantzaren ordainketa-agiriaren fotokopia.
Proposamenak aurkezteak esan nahi du baldintza-pleguan eta eskaintzaren zati diren gainontzeko dokumentuetan aurreikusitako guztia baldintzarik gabe onartu dela, eta aurkeztutako datu guztien zehaztasunaren erantzule aitortzen dela.
9.- artikulua - Dokumentuak kalifikatzea eta proposamenak onartzea.
Kontratazio Mahaia honela osatuta eratuko da: Alkatea, udal mailan ordezkatuta dauden alderdi bakoitzeko kide bat, Kontuhartzailea eta Idazkaria. Kontratazio Mahaiaren osaeraren berri Udaletxeko iragarki-taulan emango da argitara, proposamenak aurkezteko epea amaitu baino lehen.
Aldez aurretik, Kontratazio Mahaiak epearen barruan eta behar bezala aurkeztutako dokumentuak sailkatuko ditu, eta, beharrezkoa bada, hiru lan-eguneko epea eskainiko du antzemandako akatsak zuzentzeko.
Ondoren, gehienez 15 eguneko epean, eskatutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatuko da eta onartutako eskarien zerrenda udaletxeko iragarki-taulan jarriko da 10 egunetan. Epe horretan aurkeztu ahal izango dira egoki iritzitako alegazioak. Epea igaro ondoren, Kontratatzio Mahaiak zozketan parte hartzeko onartutako eskarien zerrenda behin betiko onartuko du.
Kontratazio Mahaiak, onartutako eskarien zerrendaz gain, eskainitako aparkaleku-plazak eta trastelekuak eman gabe geratuko balira erabiliko litzatekeen zerrenda osagarria egingo da. Zerrenda honetan laugarren artikuluko azken paragrafoan zehaztutako eskariak jasoko dira, hau da, artikulu horretan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez duten eskariak.
10. artikulua. -Zozketa.
Onartutako eskatzaileen zerrenda alfabetoaren hurrenkeran argitaratuta, aparkaleku-plazen zozketa egingo da, behar bezala iragarritako ekitaldi irekian. Hasteko, 2 motako aparkaleku-plaza zozketatuko da; jarraian, 1 motako 17 aparkaleku plazak; eta amaitzeko, 2 trastelekuak.
Bi motako aparkaleku-plaza egokitu zaionak 1 motako aparkaleku-plazetarako eskaria egina bazuen, 1 motako aparkaleku-plazen zozketa egin aurretik baztertua izango da eta ez du aukerarik izango 1 motako aparkaleku-plazarik eskuratzeko. Amaitzeko, bi trastelekuen zozketa egingo da.
Zozketa irekia izango da eta Kontratazio Mahaiaren aurrean egingo da zakuratze-prozeduraren bitartez. Adjudikazio-hartzaile bakoitzari aparkaleku-plaza zenbakitu bat egokituko zaio. Modu berean jokatuko da trastelekuen zozketan.
Eskarien kopurua aparkaleku-plaza kopurua baino handiagoa izango balitz, aparkaleku-plazen eta trastelekuen zozketan parte hartu ezin dutenak itxarote-zerrendan jasoko dira, norbaitek uko egingo balu ere.
Jarraian, laugarren artikuluan eskatutako baldintzetakoren bat bete ez duten eskarien arteko zozketa egingo da.
Aparkaleku-plaza bat egokitu zaienei trasteleku bat ere egokitu ahal izango zaie, 2 motako aparkalekua egokitu zaionari izan ezik. 2 motako aparkaleku-plaza egokitu zaionari ezin izango zaio egokitu 1 motako aparkalekurik, ez eta trastelekurik.
11. artikulua.- Adjudikazioa.
Kontratazio Mahaiak Kontratazio Organoari proposatuko dio kontratuak egokitzea.
Kontratazio Mahaiaren proposamenak ez du sortuko inolako eskubiderik eskumena duen udal organoak dagokion adjudikazio erabakia hartu arte.
Alkateak izango du adjudikazio-eskumena, eta aparkaleku-plazak eta trastelekuak Kontratazio Mahaiak egindako proposamena kontuan hartuta egokituko ditu.
Adjudikazioaren berri adjudikazio-hartzaile bakoitzari jakinaraziko zaio.
Mutrikuko Udalak, Kontratazio Mahaiak aurrez hala proposatuta eta Alkatearen ebazpenez, egokitu gabeko aparkaleu-plazen eta trastelekuen zozketa eman gabe utz lezake.
12. artikulua.- Prezioaren ordainketa egiteko eta kontratua gauzatzeko epeak.
Aparkaleku-plaza irekiaren adjudikazioaren jakinarazpena eginda, adjudikazio-hartzaileak plegu honetan zehaztutako prezioa ordaindu beharko du hamabost eguneko epean Mutrikuko Udalak Kutxan duen honako kontuan: 2101 0056 07 0000089326.
Adjudikazioaren jakinarazpena egin eta hilabeteko epean salerosketa-eskritura publikoa formalizatu beharko da. Une horretan aurkeztu beharko da plegu honetan ezarritako prezioa ordaindu izanaren egiaztagiria.
Edozein arrazoirengatik adjudikazio-hartzaileak prezioa ordainduko ez balu, hasieran ordaindutako fidantza konfiskatuko litzaioke egokitutako aparkaleku-plaza edota trastelekua eskuratzeko lehentasuna galduko luke, itxarote zerrendako azken tokia hartuta.
13. artikulua.- Udalak ohiko atzera-eskuratze eta lehentasunez erosteko eskubidea.
Mutrikuko Udalak saldu dituen aparkaleku-plazen gainean atzera-eskuratze eta lehentasunez erosteko eskubide bat eratuko du bere alde, ondoko idazketarekin:
"Eskritura honen bidez erosi duen aparkalekua saldu nahi izango balu erosleak agiri publiko hau sinatzen denetik hasi eta HAMAR URTEko epean, MUTRIKUKO UDALAri jakinarazi beharko dio modu frogagarrian.
MUTRIKUKO UDALAK, jakinarazpen frogagarri hori egiten zaionetik hirurogei eguneko epean, aparkaleku hori erosi ahal izango du. Erosketa prezioa eskritura honetan agertzen dena izango da, Kontsumoaren Prezioen Indizearen (KPI) igoera gehituta, Instituto Nacional de Estadística erakundeak, edo horren ordezko legokeenak, dagokion Boletin Ofizialean argitaratuta, eskritura hau sinatutako egunetik hasi eta jakinarazpen frogagarria egiten den egunera artekoa kontuan hartuta.
Jakinarazpen frogagarria egin denetik hirurogei egun igaroko balira Mutrikuko Udalak bere esku dagoen lehentasunez erosteko eskubidea erabili gabe, erosleak aparkalekuaren salmenta berak nahi duen eran egiteko aukera izango du.
Erosleak aparkalekua salduko balu klausula honetako aurreko paragrafoetan adierazi den jakinarazpen frogagarria egin gabe, Mutrikuko Udalak atzera-eroste eskubidea erabili ahal izango du erosle berriaren ordez eskuratzeko aparkaleku hori, eta erosle horri ordainduko dio salerosketa egin den egunean lehentasunez erosteko eskubidea gauzatu izan balu ordaindu behar izango zukeen salneurria.”
Mutrikuko Udalak atzera-eskuratzeko eskubidea erabili ahal izango du salerosketa egin dela jakin edo haren berri izaten duenetik hasi eta hirurogei eguneko epean, salerosketa egin eta horren berri izandako egunaren artean igaro den epealdia edozein delarik ere, betiere klausula honetako lehenengo paragrafoan aipatu den HAMAR URTEKO epealdiaren barruan gertatzen bada.
14. artikulua. - Pleguaren interpretazioa.
Mutrikuko Udalak, dagozkion organoen bitartez, Plegu honetatik sortzen diren zalantza eta galderak interpretatu eta erabakiko ditu.
Mutriku, 2009ko uztailaren 30a
ALKATEA