Mutriku Herria ...
Mutriku herria Gipuzkoa mendebaldeko itsasertzean kokatzen da, Euskal Autonomi Erkidegoan. Mendebaldera Berriatua eta Ondarroarekin egiten du muga, hegoekialdera Markinarekin, ekialdera Debarekin eta hegoaldera Mendarorekin.
Iparraldera kantauri itsasoak bustitzen du Saturrarango eta Mutrikuko hondartzek osatzen duten itsasbazterra. Orografia oso malkartsua du, Arno menditik (608 metro) itsasertzera erliebe handiarekin jaisten da. Landaretza hein handi batean intsignis pinuak eta beste konifera batzuek osatzen dute (1127 hektarea) eta herriaren %64 atlantiar landaretzak betetzen du (artea, pagoa, haritza...). Inguruko paisaiaren edertasuna eskualdeko garapen turistikorako erakargarri garrantzitsua da. Adibide bezala Arnoko artadia daukagu, zeina Europar Batasunak babes toki izendatu duen (Natura 2000).
Mutrikura egun pasa datorren edonorentzat ezinbestekoa da alde zaharra bisitatzea, Monumentu Multzo izendatua, bertako kale estu eta aldapatsuak zeharkatuz hainbat jauregi eta dorretxe aurki baititzakegu, zein baino zein politagoa. Beraz, Mutrikura iritsi bezain laster, herriaren bisita Txurruka plazan hasiko dugu. Plazaren erdian Kosme Damian Txurrukaren Trafalgarko gizaundiaren irudia aurkituko dugu. Plaza inguratuz, Jasokunde Ama Birjinaren eliza, udaletxea eta Galdona jauregia aurkitzen dira.
Konde kaletik jarraituz gero, ezkerrean, Txurrukaren etxea izenez ezagutzen den jauregia aurkituko dugu, Gaztañeta Jeneralaren aginduz eraikia 1731. urtean. Aurrez aurre, kalearen beste aldean, barroko tankerako armarria duen harlanduzko etxe bat aurkitzen da. Kalean jarraituta, eskuinetara, XVI. mendeko Zabiel Jauregia begiztatuko dugu, gaur egun kultur etxea.Konde kalearen bukaeran, parez pare, ate buruan Txurrukatarren armarria duen XVIII. mendeko etxe bat aurkituko dugu, Kosme Damian Txurrukaren sorlekua. Etxearen eskuinean San Gil kalea aurkitzen da, 1553. urteko sutetik salbu gelditu zena eta bertan arrantzaleen tresnak gordetzeko erabiltzen ziren lojak daude.Hemendik Atxukalera iritsiko gara, herriko balkoira. Bertatik, portuaren bista zoragarriez gozatzeko aukera izango dugu. Eskaileretan behera jaitsiz gero, Loja Zaharra deritzon XVIII. mendeko eraikinera iritsiko gara. Eraikin hau beheko solairuko arkuek nabarmentzen dute eta gaur egun Itsas-Arrantza Institutu Sozialaren egoitza da.
Eraikinaren arkuen azpitik iragan ondoren, eskuinetara jota, Tranpa Kalea aurkitzen da. Aldaparen hasieran, XVI. mendea baino lehenagokoa den Berriatua dorretxea ikus daiteke, "Sulengua" izenez ezagutua, 1553. urteko sutean erre ez ziren eraikuntza gutxietako bat baita. Aldapa igota, Montalivet jauregia dago, XVIII. mende amaieran Ibero etxegileak eraikitakoa.Tranpa kalearen bukaeraraino jarraituz gero, Barrenkaleren hasieran, harlanduzko Olazarra Mizkia eraikina aurkituko dugu, XVII.mendekoa, eta aurreraxeago Luardo etxea, bere leiho bikoitz eta puntu erdiko sarrera arkuekin. Hemendik, Frontoi kalean gora, berriro ere Txurruka plazara iritsiko gara.
Hala ere, herri honen sekretu guztiak jakin nahi dituenak, hirigune guztia gida baten laguntzarekin ikusteko aukera eskura du, bertako turismo bulegoarekin kontaktuan jarrita.
Herria bisitatu ondoren, autoa erabilita, Mutrikuko auzoak bisita daitezke.Laranga eta Galdonamendi auzoetan mendi eta itsas bista ederrez goza daiteke, bertatik Gipuzkoako itsasertz zati handi bat ikus baitaiteke. Olatz-eko bailara, kondaira ugari gordetzen dituen auzoa da eta bertako zelai eta basoetan murgilduz hainbat haitzulo eta karobi ikus daitezke. Astigarribia auzoan, berriz, Astigarribiako Monumentu Multzoa topatuko dugu. Bertako altxorra San Andres eliza dugu, XI. mendeaz geroztik agirietan jasoa eta aurre- erromaniko garaiko leiho ikusgarri bat duena. Hemen ere egin daiteke bisita gidatu bat turismo bulegoarekin kontaktuan jarrita .
Inguruak pixka bat ezagutu ondoren, kirolak gustuko dituenak hainbat aukera izango ditu Mutrikun: Urpeko irteerak, zaldi irteerak, mendi ibilaldiak, mendi bizikletan ibiltzeko guneak (BTT), eta, uda sasoian, piraguan Mutrikuko itsaslabar ederrenak ikusteko aukera ere bai. .